XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZOLDA EDO GORRINA
Venturia inaequalis
Garrantzia: Hau da sagastietan hedatuen dagoen gaixotasuna eta kalte handienak ekartzen dituena; gainera arbolaren aireko ia zati guztietan ager daiteke, hosto, lore eta fruituetan.

Sintomak eta biologia: Onddoaren lehen erasoak udaberrian hasten dira.

Hostoetan olio-orban bezalako batzuk azaldu eta gero beiztuz joaten dira.

Sarritan gaixotasun honek jotako hostoak deformatu egiten dira.

Erasotako loreak erori egiten dira.

Fruituetan izaten dira, seguru asko, kalterik larrienak: zolda moduko orbanak, pitzadurak eta deformazioak sortzen ditu, fruituaren erorketa goiztiarra ere bai, galera ekonomiko nahiko handiak ekarriz.

Zolda-onddoaren mizelioak hosto erorietan pasatzen du negua.

Udaberriaren hasieran, fruitu-gorputz txiki batzuk eratzen ditu, peritezio deituak, eta hauen barnean aurkitzen dira onddoaren haziak edo askosporak.

Hauek, heldu ondoren, euriaren edo haizearen bidez sagarrondoaren hosto eta loreetara pasatzen dira.

Barnera sartu eta beren kutsaketa edo eraso primarioa hasten dute.

Gero, udaberri-uda partean, hostoetan hedatuz beste fruitu-gorputz batzuk, konidio deituak, eratzen dituzte.

Hauei esker gaixotasuna gehiago zabaltzen da, eraso sekundarioa deituriko fasean.

Gaixotasunaren espora edo ugalkinak errazago sakabanatzen dira tenperatura epel eta euri-erregimen altuekin, hain zuzen gure kliman sarri gertatzen diren baldintzetan.

Borroka: Ez landatu sagarrik laiotz edo leku itzaltsuetan edo oso bustietan.

Udazkenean, hostoen erdiak erori direnean eta negu azkenean, begiak handitzen hasten direnean, kobrezko konposatuekin tratamendua egitea, adib.

Kobre oxikloruroa erabiliz, arbolak eta lurreko hostoak ondo bustiz.

Loraketaren aurretik eta ondoren, eta ahal izanez gero euria egin eta berehala, beste tratamendu bat egin ondorengo oinarria duten produktuekin: benomilo, kaptan, karbendazima, ditianona, tiram, ziram, etab.